1. Eskritura Publiko bidez, IRUNVIk lagatako apartamentuan eta haren eranskinetan bizitzeko eskubidea hartzen du adjudikaziodunak, Adineko Pertsona Autonomoentzako Apartamentuen Sustapenaren emakidadun gisa.

  2. Prezioa: apartamentuaren eta trastelekuaren prezioa 102.172,06 eurokoa izan zen lehenengo eskualdaketan. Zeudenak iraungi ondoren sor litezkeen biztantze-eskubide berrien eraketa- eta lagapen-balioa zehazteko, eskualdaketaren prezioari kontsumoko prezioen batez besteko indizeak (KPI) izandako gehikuntza gehituko zaio eta, ondoren, biztantze-eskubide errealak iraun duen URTE BAKOITZEKO edo iraupen-frakzio bakoitzeko EHUNEKO BAT (% 1) kenduko zaio.

  3. Iraunaldia eta azkentzea: Alde eskuratzailearen bizitza osoa iraungo du, eta hura hiltzen denean edo uko egiten duenean azkenduko da.

    BIZTANTZE ESKUBIDEAK AZKENTZEN DENEAN DUEN BALIOAREN KALKULUA
    Biztantze-eskubidea iraungi ondoren, IRUNVI elkarte publikoak bizileku-hartzaileari edo kausadunei bizileku-hartzaileak jarritako kopuruei kontsumoko prezioen batez besteko indizeak (KPI) izandako gehikuntza gehituko zaie eta, ondoren, biztantze-eskubide errealak iraun duen URTE BAKOITZEKO edo iraupen-frakzio bakoitzeko EHUNEKO BAT (% 1) kenduko zaio.

  4. Erabilera: bizileku-hartzaileak uko egiteko duen aukera alde batera utzi gabe, biztantze-eskubideak izaera pertsonala eta biziartekoa izango du, eta apartamentu hori soilik etxebizitza ohiko eta iraunkor gisa erabiltzeko obligazioa izango du.

  5. Lagapena: apartamentuaren eta eranskinen gaineko biztantze-eskubidea ezin izango zaio beste bati saldu, laga, alokairuan eman edo eskualdatu, ezein motatako tituluengatik. Halaber, ezin izango da hipotekatu.

  6. Konponketak: hitzartutako biziarteko biztantze-eskubideak irauten duen bitartean apartamentuak eta eranskinek jasan ditzaketen hondamenak bizileku-hartzaile horren kontura izango dira.

  7. Gastuak: biztantze-eskubidea eskuratu duenak, dagokion apartamentuan erabiltzen dituen horniduraren eta zerbitzuen gastuak (ura, elektrizitatea, telefonoa, gasa, eta abar) bere kontura ordaintzeko obligazioa du, eta baita gastu komunak ere (igogailua, eskaileretako argia, eta abar), higiezinaren kontserbazioari dagozkionak barne, eta horretarako, dagokion Komunitatea osatuko da.

    Gainera, biztantze-eskubidea osatzeko nahiz deuseztatu edo iraungitzeko notariotza- eta erregistro-gastuak eta era guztietako zergak eskubide hori lortu duenaren kargura izango dira edo, hala badagokio, haren kausadunen kargura.

  8. Iraungitzeko beste arrazoi batzuk: bizileku-hartzaileak ez baditu betetzen apartamentua soilik etxebizitza ohiko eta iraunkor gisa erabiltzeko obligazioa eta apartamentua eta eranskinak beste bati saldu, laga, alokairuan eman edo eskualdatzeko debekua, biztantze-eskubidea iraungiko da eta ez da inolako kopururik itzuliko. Era berean, higiezinaren utzarazpen administratiboa bideratzeko eskubidea izango du Administrazioak.

 

Itzuli