Alarden alokairuan 52 etxebizitza esleitzeko prozesuari buruzko galderak eta erantzunak

Zer epe daukat esleipen-prozesuan parte hartzeko eskaera aurkezteko?

Hilabeteko epea oinarriak eta deialdia EHAAn argitaratzen direnetik, zehazki 2023ko maiatzaren 17a.

Berriz izena eman behar al dut, dagoeneko IRUNVIn izena emanda baldin banago?

Ez; baldin eta deialdi honetan sartzeko betekizunak betetzen badituzu, zuzenean sartuko zara esleipen-prozesuan.  Hala ere, datuak eguneratu gabe badituzu, eguneratu egin behar dituzu deialdia eta oinarriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta gehienez ere hilabeteko epean, zehazki 2023ko maiatzaren 17an, benetako baldintzetan parte hartu ahal izateko.

Zer gertatzen da, nire datuak eguneratzen ez baditut?

Baldin eta datu errealekin eguneratzen ez baduzu eta benetako bizikidetza-unitatea ez badator bat IRUNVIn izena emateko eskaeran agertzen denarekin, ukatu egingo zaizu esleipena.

Etxebiden izena emanda banago baina IRUNVIn ez, parte har al dezaket prozesu honetan? Zer egin behar dut?

Bai, parte har dezakezu, baldin eta "Etxebide"n izena emanda bazaude, alokairuan, Irungo udalerriko eskatzaile gisa, eta deialdian eta esleipen-prozesuaren oinarrietan aurreikusitako betekizunak betetzen badituzu. Horretarako, formulario egokia aurkeztu behar duzu IRUNVIn. Formulario hori IRUNVIren webgunean eta egoitza elektronikoan duzu eskura. Izen-emate hori bakarra da esleipen prozesu honetarako, eta ez dago izena eman beharrik Irunviko eskatzaile-erregistroan.

Nola kontsultatu ditzaket nire datuak edo nire egoera IRUNVIko eskatzaile-erregistroan?

Irungo Udalaren egoitza elektronikoaren bidez, IRUNVIren web orrian sartuta; eta zure ziurtagiri elektronikoarekin identifikatuta zaudenean, IRUNVI- Irungo Etxebizitzaren Sozietate Publikoa hautatu behar duzu (udal-izapideen artean), eta "Kontsultatu zure egoera" aukera erabili.

Nola kontsultatu ditzaket nire datuak edo nire egoera ETXEBIDEko eskatzaile-erregistroan?

Etxebideren orriaren bidez.

Prozesu honetan parte hartzeko formularioa aurkeztu ondoren, ETXEBIDEn izena emanda egoteagatik, nola kontsulta dezaket prozesu honetako egoera?

Zuzenean Irunviko bulegoan kontsulta dezakezu, edo Irunviko web orrian argitaratuko diren behin-behineko zerrendetan ere bai.

Zer betekizun bete behar ditut prozesu honetan parte hartzeko?

  • IRUNVIn edo Etxebiden izena emanda egotea.
  • Diru-sarrerak: 9.000 eurotik 39.000 eurora, 2021eko zerga-ekitaldiari dagokionez.
  • Etxebizitzarik ez edukitzea: Argitaratu baino bi urte lehenago, eta babes ofizialeko etxebizitzak alokatuta edo parekatuta dituztenak (BIZIGUNE eta ASAP), 6 hilabetean amaitzea aurreikusita egon ezean.
  • Bizikidetza-unitatea: gehienez 6 kide.

Zeintzuk dira esleipen-kupoa eta -azpikupoak?

  1. Abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren 2. eranskineko A edo B letrekin kalifikatutako pertsona ezgaituen kolektibo-kupoa, edo eranskin horretako D eta H letren arabera 7 puntu edo gehiago dituztenak. Errege Dekretu horrek ezgaitasun maila aitortu, deklaratu eta kalifikatzeko prozedura arautzen du.
  2. 36 urtetik beherako pertsonen kolektibo-kupoa, kideetako bat adin horretatik beherakoa duten bizikidetza-unitateak barne.
  3. Etxebizitza bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa duten pertsonen kolektibo-kupoa.
  4. Etxebizitza-premia berezia dutenen kolektibo-kupoa.
  5. Gainerako eskatzaileen kupoa edo kupo orokorra.

Gainerako eskatzaileen kupoaren edo kupo orokorraren barruan, bai eta 36 urtetik beherako pertsonen kupoaren barruan ere, berariazko bi kupo ezarriko dira, bata bizikidetza-unitatearen diru-sarrera haztatuen arabera, bizikidetza-unitatearen diru-sarrera haztatuen terminoetan urteko 21.000 eurorainoko diru-sarrerak dituzten eskatzaileentzat, eta bestea, bizikidetza-unitateko diru-sarrera haztatuen terminoetan urteko 21.001 eurotik 39.000 eurora bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileentzat, diru-sarrera haztatuen baldintza berberetan.

Zein bizikidetza-unitatek edo eskatzailek osatzen dute etxebizitza-premia berezia duen kolektiboa?

Gutxienez titularretako bat talde hauetako kide denean: guraso bakarreko familiak; genero-indarkeriaren biktimak; dibortziatuak edo legez bananduak; familia ugariak;  hipoteka-zordunen babesa, zorraren berregituratzea eta alokairu soziala indartzeko neurriei buruzko maiatzaren 14ko 1/2013 Legearen 1. artikuluak aipatzen dituen kolektibo zurgarriak; okupatzen zuten etxebizitza judizialki kaleratu dituztenak eta 60 urtetik gorakoak. Bizikidetza-unitateko edozein adimen- eta garapen-desgaitasuna duen pertsona dela edo buru-eritasuna duela egiazta dezaketenak.

Nola parte har daiteke etxebizitza-eskubide subjektiboaren kupoan?

Etxebizitza-eskubide subjektiboaren kupoan parte hartu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzak eskubide hori ebazpen bidez onartuta eduki behar duzu. Eskubidea aitortzeko bete behar dituzun baldintzak ezagutzeko eta aitorpena eskatu ahal izateko, sartu esteka honetan.

Nola egiaztatu behar dut guraso bakarreko familia naizela?

Guraso bakarreko familia da gutxienez 26 urte baino gutxiagoko semea edo alaba duen eta beste gurasorik ez duen bizikidetza-unitatea, guraso batek osatua, dela aita edo ama hilda dagoelako, dela gurasoetako batekin bakarrik dagoelako seme-alabatasun-lotura.  Honako hauek ez dute eragozten guraso bakarreko familia gisa onartua izatea:

  • Beste pertsona batzuk ere eskaeraren titular izatea edo bizikidetza-unitateko kide izatea, baldin eta pertsona horiek 26 urtetik beherakoaren gurasoari lotuta badaude lerro zuzenean odolkidetasunezko ahaidetasun-harremanaren bidez.
  • Beste pertsona batzuk bizikidetza-unitateko kide izatea baldin eta 26 urtetik beherakoaren gurasoak haien tutoretza onartua badu.

Ez da guraso bakarreko familiatzat hartuko, baldin eta bizikidetza-unitatekoak beste pertsona batzuek 26 urtetik beherakoaren gurasoarekin bi kasuetan aipatutako harremana ez bestelako bat badute.

Nola egiaztatu behar dut familia ugaria naizela?

Indarrean dagoen familia ugariaren tituluaren bidez. Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen du. Informazioa esteka honen bidez eskura dezakezu

Nola egiaztatu desgaitua naizela?

  • Dagokion erakundearen mugikortasun gutxituko elbarritasuna egiaztatzen duen ziurtagiriaren jatorrizkoaren eta fotokopiaren bidez. Zehazki, “Garraio publiko kolektiboak erabiltzea eragozten duten mugikortasun-zailtasunak zehazteko baremoa” zehaztuz.
  • Ezgaitasun psikikoaren izaera egiaztatzen duen ziurtagiriaren jatorrizkoaren eta fotokopiaren bidez, Foru Aldundiak emana abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren 15. eta 16. Kapituluekin bat etorriz.
  • Desgaitasun-motaren aitorpena

Nola esleitzen da kupoa etxebizitza-esleipenerako?

Bizikidetza-unitate bakoitza dagokion kupoan sartuko da, betiere dagokion erregistroan jasota dagoen informazioaren arabera. Bi kupotan egonez gero, etxebizitza gehien esleituta dituen kupoan sartuko da.

Zenbat etxebizitza ditu kupo bakoitzak?

  • 3 ETXEBIZITZA, abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren 2. eranskineko A edo B letrekin kalifikatutako pertsona ezgaituen edo eranskin horretako D eta H letren arabera 7 puntu edo gehiago dituztenen kolektibo-kuporako. Errege Dekretu horrek ezgaitasun maila aitortu, deklaratu eta kalifikatzeko prozedura arautzen du.
  • 17 etxebizitza, 36 urtetik beherakoen kolektiboaren kuporako.
  • 5 etxebizitza, etxebizitza bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa duten pertsonen kolektibo-kuporako.
  • 16 etxebizitza, etxebizitza-premia berezia dutenen kolektibo-kuporako.
  • 11 etxebizitza, gainerako eskatzaileen kuporako edo kupo orokorrerako.

Etxebizitzak zozketa bidez esleitzen al dira?

Ez, baremazio-irizpide hauen arabera esleitzen dira:

  • a) Diru-sarrerak.

    10 puntu emango zaizkie 0 eta 9.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei; 9 puntu, 9.001 eta 15.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei; 8 puntu, 15.001 eta 25.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei, eta 5 puntu, 25.001 eta 39.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei.

  • b) Bizikidetza-unitateko kide-kopurua.

    Bizikidetza-unitateko kide-kopurua puntuatzeko, sustapeneko etxebizitzek dituzten logelen kopurua hartuko da kontuan:
    • Logela 1 duten etxebizitzak: puntu 1 emango zaie 2 kidek osatutako bizikidetza-unitateei, eta 0 puntu, pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei.
    • 2 logelako etxebizitzak: 3 puntu emango zaizkie 3 kidek osatutako bizikidetza-unitateei; puntu 1, 2 kidek osatutako bizikidetza-unitateei, eta 0 puntu, pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei.
    • 3 logelako etxebizitzak: 7 puntu emango zaizkie 6 kidek edo gehiagok osatutako bizikidetza-unitateei; 5 puntu, 5 kidek osatutako bizikidetza-unitateei; 3 puntu, 4 kidek osatutako bizikidetza-unitateei, eta puntu 1, 3 kidek osatutako bizikidetza-unitateei.

  • c) Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroko izen-ematearen antzinatasuna.

    Puntu 1 emango da antzinatasun handiena duen bizikidetza-unitateko kidea izena emanda dagoen urte bakoitzeko, eta gehienez ere 7 puntu.

    "Etxebide"ren Etxebizitza Babestuaren Eskatzaileen Erregistroan izena emanda egon eta Irungo Udaleko/IRUNVIko Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan izena emanda ez dauden pertsona edo bizikidetza-unitate eskatzaileei, betekizunak betetzen badituzte, Irungo udalerriko eskatzaileak badira eta izena emateko inprimakia adierazitako epean aurkezten badute, "Etxebide"ren Etxebizitza Babestuaren Eskatzaileen Erregistroko antzinatasuna errespetatuko zaie.

    Babes Publikoko Etxebizitzen Eskatzaileen Erregistro bietan alokairu-erregimenean inskribatuta dauden pertsonei edo bizikidetza-unitateei antzinatasun handiena duen Erregistroko antzinatasuna errespetatuko zaie, baldin eta inguruabar hori egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu badute deialdi honen eta oinarrien 6. atalean adierazitako esleipen-prozesuan izena emateko epea amaitu baino lehen, eta betiere bi erregistroetan inskribatutako bizikidetza-unitateak bat baldin badatoz izena emateko epe hori amaitzen denean.

  • d) Etxebizitza-premia berezia..

    4 puntu emango zaizkie etxebizitza-premia berezia duten kolektiboetakoren bateko titularren bat duten espedienteei. Adimen- eta garapen-desgaitasuna duten pertsonen eta buru-eritasuna duten pertsonen kasuan, 4 puntu emango zaizkie espedienteei, bizikidetza-unitateko edozein kidek izaera hori egiaztatuta baldin badauka. Kolektibo batean baino gehiagotan daudenei 4 puntu emango zaizkie kolektibo bakoitzeko, eta gehienez ere 8 puntu.

Zer epe daukat kupoak esleitzeko eta baremazio-irizpideak baloratzeko orduan baloratzen diren baldintzak egiaztatzeko?

Oinarriak EHAAn argitaratu eta hilabeteko epe berean, zehazki 2023ko maiatzaren 17an, adierazitako epean egiaztatu ez diren inguruabar guztiak ezin izango dira kontuan hartu kupoak esleitzeko eta eskabideak barematzeko orduan.

Zer da lehentasuna etxebizitzaren esleipenean?

Behin eskaeren baremazioa eginda, honako lehentasun hau aplikatuko da:

  1. Lehendabizi, azken 5 urteetan Irunen erroldatuta egon direnak edo azken 20 urteetan gutxienez 10 urtez Irunen erroldatuta egon direnak.
  2. Bigarren, Irunen erroldatuta dauden pertsonak.
  3. Hirugarren, Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta dauden pertsonak.

Lehentasun hori aplikatuko da, noiz eta bizikidetza-unitatea osatzen duen pertsonetako batek, gutxienez, 1., 2. edo 3. ataletan adierazitako betekizunak betetzen dituenean.

Zein unetan jakin ahal izango dut zein kupotan sartu nauten eta zenbat puntu ditudan?

IRUNVIren web orrian argitaratuko diren behin-behineko zerrendak onartzearekin batera.

Noiz argitaratuko dira behin-behineko zerrendak?

IRUNVIko Administrazio Kontseiluak onetsitakoan, IRUNVIren web orrian argitaratuko dira, iragarriz EHAAn eta Gipuzkoan hedatuenak diren euskarazko eta gaztelaniazko egunkarietan argitaratuko direla.

Ba al daukat erreklamatzeko eperik, behin-behineko zerrendetan agertzen den puntuazioarekin ados ez banago?

Behin-behineko zerrenden onespena EHAAn iragarri ondoren, 15 eguneko epea irekiko da IRUNVIko Administrazio Kontseiluari erreklamazioa aurkezteko bitarteko elektronikoen bidez edo IRUNVIren bulegoetara bertara joanda.

Noiz argitaratuko dira behin betiko zerrendak?

Aurkeztutako erreklamazioak aztertu eta ebatzi ondoren, Administrazio Kontseiluak onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsiko ditu, baita hautatutako esleipendunen zerrendak ere, esleitutako etxebizitza adierazita, IRUNVIko Administrazio Kontseiluak onetsita horiek ere, eta baita kupo eta azpikupo bakoitzeko itxarote-zerrendak ere.

Hautatuen zerrendan agertzen ez banaiz, egoki dakidake etxebizitza bat?

Bai. Etxebizitza bati uko egiten diotenean edo esleipena ukatzen bada, kupo bakoitzeko itxarote-zerrendako okupatzaileen artean esleituko da, onetsitako zerrendako ordenaren arabera.

Nola kalkulatzen da esleituz gero zenbateko errenta ordaindu behar dudan?

Errenta kalkulatzeko, kontratua sinatzen den egunean indarrean dagoen zerga-ekitaldiko diru-sarrerak hartuko dira kontuan, eta alokairuaren zenbatekoa kalkulatzeko, etxebizitzaren erosketa-erregimeneko babes ofizialeko etxebizitzen prezioa eta esleipendunaren diru-sarrerak konbinatuko dira. (2022ko zerga-ekitaldia).

Adibidez:

Diru-sarrerak   %Batezbesteko prezioa
2 logelako etxebiz.
 <15.000 € %2,27 210,44 €/hilabete
15.000 €-21.000 € %2,91 269,77 €/hilabete
21.001 €-25.100 € %3,64 337,44 €/hilabete
25.101€-30.000 € %4,27 395,84 €/hilabete
30.001€-35.000 € %4,73 438,49 €/hilabete
>35.000€ %5,18 480,20 €/hilabete
Diru-sarrerak  %Batezbesteko prezioa
trastelekua
Batezbesteko prezioa
garajea
 <15.000 € %2,27 6,81 €/hilabete 27,79 €/hilabete
15.000 €-21.000 € %2,91 8,73 €/hilabete 35,62 €/hilabete
21.001 €-25.100 € %3,64 10,92 €/hilabete 44,56 €/hilabete
25.101€-30.000 € %4,27 12,81 €/hilabete 52,27 €/hilabete
30.001€-35.000 € %4,73 14,19 €/hilabete 57,90 €/hilabete
>35.000€ %5,18 15,54 €/hilabete 63,41 €/hilabete

Zenbateko epea du alokairu-kontratuak?

5 urtekoa.

Alokairuak ba al du erosteko eskubidea?

Ez.

Kontratua indarrean dagoen bitartean nire bizikidetza-unitatean aldaketarik gertatzen bada, jakinarazi egin behar al dut?

Bai, jakinarazi egin behar da errentamendu-kontratuari eragin diezaiokeen edozein aldaketa.

Esleipenari uko egiten badiot, IRUNVI/Etxebideko Babes Publikoko Etxebizitzen Eskatzaileen Erregistroan izena emanda jarrai dezaket?

Ez. Bizikidetza-unitatearen bizitoki-beharrei egokitutako etxebizitza bat esleitzeari uko eginez gero, erregistroan/erregistroetan baja emango zaizu, urtebeterako, uko egiten duzunetik zenbatzen hasita. Ezin izango duzu berriz eskatu Babes Publikoko Etxebizitzen Erregistroan/erregistroetan izena emateko, uko egin eta urtebete igaro arte.

Itzuli