Irungo Udalak hiriko etxebizitza publikoen kopurua bikoizteko konpromisoa hartu du, eta dagoeneko hasia da berau betetzeko lehenengo pausoak ematen: San Migel-Anaka eremuko lehenengo partzela esleitu du, eta, horrela, eremu horretan babes ofizialeko 147 etxebizitzaren eraikuntzari hasiera eman dio. Zehazki, aste honetan bertan, IRUNVI Irungo Etxebizitzarako Elkarte Publikoko Administrazio Kontseiluak Letxunborro hiribidearen eta Agerre kalearen arteko izkinako bizitegitarako partzela esleitu du, 7,9 milioi euroan.

Alkatearen esanetan, "babes ofizialeko 900 etxebizitza berri izango ditugu inguru honetan, eta hau pauso erabakigarria da horretarako. Oinarrizko eremua da hau, garatzen denean etxebizitza publiko asko izango baititu, eta, gainera, etxebizitza premiari erantzuteko gure konpromisoa egiazkoa den adierazgarri da. Aukera bat eman nahi diegu beren bizi proiektua Irunen aurrera eraman nahi dutenei, hirian bertan bizi eta lan egin nahi dutenei".

Partzela 7.907.673,07 euroan esleitu da, BEZa barne, eta, zenbateko horri esker, San Migel-Anaka eremu osoa urbanizatzeko lanak lizitatzeko beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak izango ditu IRUNVIk. Era berean, horri esker, babes ofizialeko 900 etxebizitza eraiki ahalko ditu: 753, alokatzeko, eta 147, saltzeko.

Hiriko etxebizitza publikoen kopurua egungoa halako bi izango da

Irungo Udalaren helburu nagusia hiriko etxebizitza publikoen kopurua bikoiztea da, eta, horretarako, babes publikoko beste mila etxebizitza eraikiko ditu datozen urteetan, apirilean Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailarekin batera hiria bizitegi merkatu tentsionatuko eremu izendatu izanari esker.

Alde horretatik, San Migel-Anaka eremukoa hiriaren historian etxebizitza publikoaren alorrean martxan jarri den operaziorik handiena da: datozen hiru urteetan, 870 etxebizitza babestu eta 96 zuzkidura bizitoki eraikiko dira, baita alokairu babesturako 34 udal etxebizitza birgaitu ere. Horrela, epe motzean, arrazoizko prezioko 1.000 etxebizitza berri izango dira:

  • 612, San Migel-Anaka eremuan bertan.
  • 63, Korrokoitzen.
  • 60, Aleien.
  • 99, Lastaola Postetxean.
  • 36, Mendipen.

IRUNVI bidezko esleipena

Partzela esleitzeko pleguak alokatzeko babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko konpromisoa hartzen zuten sustatzaileei ematen zien lehentasuna, baina eskaintza bakarra jaso da, eta saltzeko babes ofizialeko etxebizitzak sustatzea proposatzen zuen.

Hori dela eta, Irungo Udalak IRUNVI Irungo Etxebizitzarako Elkarte Publikoaren bidez esleituko ditu babes ofizialeko 147 etxebizitzak. Eremu osoa urbanizatzeko lanak esleitzeko kontraturako lehiaketa publikoa, berriz, uztailean egitea aurreikusten da.

Urbanizazio lanak egiteko aurrekontua 20 milioi eurotik gorakoa da, eta zenbateko horri BEZa gehitu behar zaio. Nolanahi ere, gaur egun, lurzorua karakterizatzeko lanak egiten ari dira, eta, emaitzen arabera, aurrekontua doituko da.

Aurreikuspenen arabera, urbanizazio lanak urte bukaeran hasiko dira, eta, haiekin batera, eremu osoan sortuko diren babes ofizialeko 900 etxebizitzak eraikitzeko lanak ere hasiko dira.