Obrak hasi eta lau hilabete igaro ondoren, San Migel-Anakako eremuak aurrera egiten jarraitzen du, aurreikusitako martxan. Eremuaren urbanizazioak 1.182 etxebizitza inguru eraikitzea ahalbidetuko du, eta 900 inguru babes ofizialekoak izango. Hala, espazio hori hiriko proiekturik handienetarikoa izango da datozen urteetan.
Cristina Laborda Irungo alkateak obra-gunea bisitatu du gaur goizean, Idoia Yarza Irungo Etxebizitzaren Sozietate Publikoaren (IRUNVI) zuzendariarekin batera; izan ere, erakunde horrek obren jarduerak koordinatzen ditu.
Lanak martxoan hasi ziren, eta lau hilabete hauetan Donostia kaleko behin-behineko aparkalekua ezarri da (eta, hala, auzokoekin hartutako konpromisoa bete da), lurzati osoa sasiz garbitu da, eta Lekaenea Ikastetxearen ondoko urbanizazio-lanak hasi dira.
Alkateak honela baloratu du egindako lana: "Urte askoan, San Migel-Anakako eremua teoria hutsa izan da. Baina gaur errealitatea da, eta hiria eraldatzen ari da pixkanaka. Obra hauetan egindako aurrerapauso bakoitzak gure helburura gerturatzen gaitu: hots, pertsona gehiagok Irunen bizi ahal izatea, euren bizitza-proiektuak hemen garatu ahal izateko.
Ez ditugu etxebizitzak eraikiko soilik, pertsonentzako aukerak sortuko ditugu, jendeak beren hirian bizitzen jarraitu ahal izateko. Etxebizitza gure gizartearen erronka handienetarikoa da, eta Udalean ekintzekin erantzun nahi diogu arazo horri, Irungo etxebizitza babestuen sustapenik handienarekin".

Obren egoera
Jarduketei dagokienez, lanak hasi direnetik, Lekaenea Ikastetxeko atzealdeko patioko obrak gauzatzen egon dira. Hain zuzen ere, ekainaren 22an, ikasturtea amaitu ondoren, hasi ziren ikastetxearen aurreko aldeari eragiten dioten lanak. Helburua da ikastetxeari eragiten dioten obrak hurrengo ikasturtea hasi baino lehen amaitzea, obren lizitazio-prozesuan ezarritako baldintza baita.
Gainera, Donostia kalea zeharkatzen duten igarobide-obren saneamendu-lanak egiten ari dira, eta datozen asteetan ekaitz-tangaren obren bigarren fasea hasiko da baita ere. Bigarren fase hori hastean, Jaizkibel kalearen eta Julián Sánchez parkearen arteko pasabidea itxi egingo da; hala, oinezkoak lurzatiaren ertzetik igaro beharko dira.
Bestalde, Sancheski enpresaren eraikina eraisteko aurretiazko lanak hasi dira. Lurreratu beharreko azken eraikina da, hain zuzen, eta abuztuan botatzea aurreikusten da. Lanek garrantzi handiagoa hartuko dute irailean, lurra mugitzen hasiko baita.
Azkenik, eraikuntza-obrei dagokienez, Anaka kaleko etxebizitza libreen eraikuntza hasi da jada. Gainera, IRUNVIk eta VISESAk sustatutako babes publikoko etxebizitzak eraikitzen hastea aurreikusten da: aurten bertan, lehenengoen kasuan; eta datorren urteko lehenengo hiruhilekoan, bigarrenen kasuan.
Garapena, faseka
Eremua progresiboki urbanizatuko da, faseka. Lehenengo fasea Donostia kalean garatzen ari da, eremuko ekipamenduak hartuko dituena. 19 eta 23 hilabete artean egitea aurreikusten da. Aldi berean, bigarren fasea ere abian jarriko da, 15 eta 20 hilabete arteko epearekin. Fase horretan, San Migel eta Anaka auzoak lotuko dituen erdiko bidea egitea aurreikusten da. Ardatz berri horrek etorkizuneko merkataritza-eremua zein babes ofizialeko etxebizitzak aktibatzea ahalbidetuko du.
Hirugarren fasea Anaka kalearen inguruan egingo da, sustapen pribatuko etxebizitzak egiteko eremua urbanizatuta. Obra horiek 2027an hastea aurreikusten da, 12 hilabete inguru iraungo dute eta 2028an amaituko dira.
Ondoren, laugarren fasea gauzatuko da, hots, alokairu-erregimeneko babes ofizialeko etxebizitzei dagokiena. Eusko Jaurlaritzak sustatuko ditu, VISESAren bitartez. Obra horiek 11 hilabeteko iraupena izango dute gutxi gorabehera, eta 2028an hastea eta 2029an amaitzea aurreikusten da.
Azkenik, bosgarren fasean eremuko etxebizitza publiko gehienak eraikiko dira, Irungo Udalak IRUNVIren bidez sustatutako babes ofizialeko etxebizitza berriekin. Fase horren bidez eremuaren urbanizazioa eta etxebizitzen garapena burutuko da, eta 2030ean amaitzea aurreikusten da.
Urbanizazio berri horren helburua ingurune kohesionatu eta batu bat eraikitzea da. San Migel eta Anaka auzoen arteko loturak, oinezkoentzako espazio berrien, plazen, bizikleta-bideen, ekipamenduen, saltokien eta etxebizitzen bidez, hiriaren mendebaldea erabat eraldatuz.
Garapen horrek oinez, bizikletaz edo garraio publikoan joan-etorriak egitea erraztuko du, auzoak elkartu eta espazioak hurbilduz. Auzokideen topaketa eta belaunaldi berrientzat pentsatutako etxebizitzak erraztuko dituzten ekipamenduak izango ditu, eta horrek espazio publikoa eta hiri-bizitza biziberritzea, gizarte-kohesioa indartzea eta tokiko ekonomia bultzatzea ekarriko du.
Etxebizitza-eremu berria hiriarentzat
San Migel-Anaka eremuaren garapenak 1.182 etxebizitza eraikitzea ahalbidetuko du, eta horietatik 900 inguru babes publikoko etxebizitzak izango dira. Hala, eremu honetan jarduketa garrantzitsua egingo da, arrazoizko prezioa duten etxebizitzak izateko.
Eraikitzen hasi diren lehen sustapenak Anaka kaleko etxebizitza libreak dira, zeinak modu mailakatuan garatzen ari baitira. 2028tik 2030era bitartean entregatuko dira.
Babes ofizialeko etxebizitzei dagokienez, Irungo Udalak, IRUNVIren bidez, 147 etxebizitza sustatuko ditu, erosketa-erregimenean. Gibenaka biribilgunearen eta Letxunborro etorbidearen artean kokatuko dira. Aurten bertan eraikitzea aurreikusten da, eta 2028an entregatzea.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak babes ofizialeko 447 etxebizitza garatuko ditu, alokairu erregimenean, VISESAren bidez. Bi fasetan gauzatuko dira. 2027an hasiko dira eraikitzen, eta 2029an eta 2030ean entregatu. Eremua babes ofizialeko 293 etxebizitza gehigarrirekin osatuko da. BOE horiek Udalak sustatuko ditu IRUNVIren bidez, eta 2028tik aurrera eraikitzea aurreikusten da, 2030ean entregatzeko.
Azkenik, alkateak honako hau adierazi du: "Badakigu jende ugarik Irunen bizitzen jarraitu nahi duela, eta, egun, etxebizitza bat lortzea erronka izugarria dela. Bada, San Migel-Anaka eremua erronka horri erantzuten dio zuzenean".
Irungo Udala
