Cristina Laborda Irungo alkateak harrera egin dio gaur hirian David Quirós L'Hospitalet de Llobregateko alkateari, Irungo Udalak IRUNVI sozietate publikoaren bidez Irungo Udalak etxebizitza publikoa sustatzeko duen eredua ezagutzera etorri baita, noiz eta IRUNVIk 25 urte betetzen dituenean. Topaketan, alkate katalana San Migel-Anakan izan da, aurki babes ofizialeko 887 etxebizitza (BOE) eraikiko diren eremuan.

Bisitan izan dira, halaber, Sergio Javier Hiri Garapeneko ordezkaria, Jon Ugarte Hirigintza Diziplinako eta Etxebizitzako ordezkaria eta Idoia Yarza IRUNVIko zuzendaria. Ondoren, sozietate publikoaren bulegoetara joan dira, Eliza kalean.

Kataluniako bigarren hiririk populatuena da L'Hospitalet de Llobregat, eta bertako udalak interesa du udalerrien alorreko etxebizitza-politikak bertatik bertara ezagutzeko, zehazki, enpresa publikoen bidezko jardunbide egokiei eta kasu arrakastatsuei dagokienez. Ekainean adierazi zuen David Quirósek Irunviren antzeko sozietate bat sortzeko asmoa, parke publikoa handitzeko asmoz.

Bileran, Laborda alkateak azaldu dio apiril amaieratik Irun etxebizitza merkatu tentsionatuko gune dela ofizialki. Horrela, udalerria jarduketa-plan berezi baten esparruan sartu da, etxebizitza lortzeko zailtasunei aurre egiteko. Gainera, egoera horrek egiturazko onura batzuk ahalbidetzen ditu: alokairurako laguntza gehiago, etxebizitza hutsen mobilizazioa, etxeak birgaitzeko eta etxebizitza handiak zatitzeko laguntzak eta udal-ordenantzen eguneraketa, egungo etxebizitza parkea optimizatzeko.

Visita alcalde LHospitalet de Llobregat

Irungo alkatearen hitzetan, «horrelako bisitek erakusten digute Irunen gauzak ondo egiten ari garela etxebizitzari dagokionez, eta gure tresna batzuk, hala nola IRUNVI, erreferentzia direla beste erakunde batzuentzat. Bi hamarkada eta erdi hauetan, gure sozietate publikoa sendotu egin da erakunde gisa, eta hiriaren beharrei ederki egokitu zaie. Hasieran, hirigintzako kudeaketaz arduratzen zen, etxebizitza publikoa merkaturatzeko eta, hortik abiatuta, lan gehiago hartu ditu bere gain, lurzoruaren sustapenari eta kudeaketari ekinik, baita higiezinen kudeaketari ere», gaineratu du.

L'Hospitalet de Llobregateko alkateak esan duenez, «Irungo errealitatea ezagutzeko aprobetxatu dugu gaurko bisita, eta alkatearekin bat etxebizitza-politika publikoaren aldeko apustu arrakastatsuaren eredu horren emaitzak ikusi, batez ere konponbideak ematen dizkiela ikusteko. Asmoa Irunera gehiago etortzea da, hain beharrezkoa eta interesgarria den politika publiko honetatik askoz gehiago ikasi ahal izateko».

IRUNVI

Irungo Etxebizitzarako Sozietate Publikoa (IRUNVI) 2000ko azaroaren 28an sortu zen, hiriko etxebizitza publikoa sustatzeko, batik bat babes ofizialeko etxebizitzak (BOE). Horretarako, Udalak etxebizitza horiek albait azkarren eraikitzeko aukera ematen zion egitura batez hornitu zuen, eta erakundearen helburua da lurzoruak erostea, hirigintzako kudeaketa egitea eta etxebizitza babestuen eraikuntza sustatzea.

Gainera, aipatzekoa da IRUNVI birgaitzerako hirigintza-sozietate ere izendatu zutela. Horrela, babes publikoko etxebizitza-eskatzaileen erregistro propioa sortu zuen, eta zuzenean esleitu dizkie babes publikoko etxebizitzak Irungo herritarrei.

Hogeita bost urte hauetan, Udalak funtzio gehiago esleitu dizkio IRUNVIri, eta sozietatea etxebizitzaren alorreko eragile garrantzitsu bihurtu da. Gainera, bere gain hartu ditu aparkalekuak sustatu eta kudeatzeko lanak ere.  Bestalde, azken urteetan sozietateak irisgarritasuna errazteko laguntzen eta emantzipaziorako laguntzen espedienteak izapidetu ditu, baita eraikinen ikuskaritza teknikoak ere, eta Eusko Jaurlaritzaren erakunde laguntzaile izendatu dute, Europako funtsekin etxebizitzak eta eraikinak birgaitzeko laguntzak kudeatzeko.

Gaur egun, IRUNVIk zenbait lurzoru eta higiezinen garapena kudeatzen du. Bakoitza dagokion izapidetze fasean dago, eta datozen hiru urteetan babes publikoko beste 1.000 etxebizitza eraikitzen hasteko aukera emango digute, puntu askotan: San Migel-Anaka, Mendipe, Korrokoitz eta Lastaola eremuetan eta Larreaundi, Emigrazioa eta Lucas de Berroa 18 eraikinetan.

San Migel-Anaka eta Mendipeko etxebizitzak 2026an hasiko dira eraikitzen. Gainera, horiekin batera, eta etxebizitza publikoaren eraikuntzari jarraikortasuna emateko, IRUNVI Txenpereneko urbanizazio-proiektua izapidetzen ari da. Horri esker, 667 etxebizitza babestu sustatuko dira datozen urteotan.

House Action kongresua

Cristina Laborda eta David Quirós alkateek elkarrekin parte hartuko dute mahai-inguru batean, House Action kongresuaren barruan. Hiriburuen eragina beren eremu metropolitanoan izenburua du eztabaidak, eta Donostiak, Bartzelonak edo bestelako hiriek beren inguruan duten eragina aztertuko da, etxebizitzari dagokionez. Saio horretan izango dira, halaber, Candelaria Testa (Alcorcóneko alkatea), Aizpea Otaegi (Errenteriako alkatea) eta Amaia del Campo (Barakaldoko alkatea), Azahara Domínguez Gipuzkoako Mugikortasun, Turismo eta Lurraldearen Antolamenduko foru-diputatuak dinamizatutako mahai-inguru batean.

Kongresua Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak antolatzen du, eta Tabakaleran egingo da azaroaren 19an, asteazkenarekin. Bertan bilduko dira hogeita hamar hizlari baino gehiago, udaletatik, autonomia-erkidegoetako gobernuetatik edo Europako erakundeetatik etorriak, adituekin batera.  Isabel Rodríguez Etxebizitzako eta Hiri Agendako ministroa arduratuko da jardunaldia ixteaz.

Hitzordu hori Euskadin eremu tentsionatuak abian jarri eta urtebetera dator. Helburua da analisitik ekintza koordinatura pasatzea, are gehiago Europako eremu askotan arazo bera dutenean: eskari handia eta eskaintza txikia, etxebizitzari dagokionez. Kongresuan zenbait hiriburutan abian jarri diren politika berritzaileak azalduko dira, hala nola Paris, Bartzelona edo Donostia, eta ikasketa erabilgarriak zabaltzea, klase ertainei nola langileei eragiten dien arazo baten konponbidean aurrera egiteko.