IRUNVI Irungo Etxebizitza Sozietate Publikoak lehiaketa publikora aterako du San Migel-Anakan babes ofizialeko 147 etxebizitzaren sustapena. Lehenengo hirigintza-urratsa da, eremu horretan udal-etxebizitza publikoa martxan jartzeko. Cristina Laborda alkateak gaur goizean eman du horren berri, Irun bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatu duten aste berean. Izendapen horren arabera, 1.000 etxebizitza jarriko dira martxan datozen hiru urteetan hirian.
Sustapena hirigintza-eremurako lehen urratsa da, eta, zehazki, Letxunborro hiribidearen eta Agerre kalearen arteko izkinan dagoen bizitegi-partzelan egongo da, eta hor eraikiko dira babes ofizialeko 147 etxebizitza horiek.
Cristina Laborda alkateak adierazi duenez, "astelehenean iragarri genuen Irun bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatu zela, eta hori ezinbesteko urratsa izan da San Migel-Anaka eremua argia ikusten hasteko. Orain, lehiaketa publikora atera dugu sustapen hori. Eremu horretako lehen harria da, eta, guztira, Babes Ofizialeko 900 Etxebizitza izango ditu. Etxebizitzaren arazoaz erabat kontziente gara, eta konponbidea jartzeko lanean ari gara; izan ere, helburua da beren bizitza-proiektuak beren hirian garatu nahi dituztenek horretarako aukera izatea".

Partzela hori besterentzeak (IRUNVIk esleituko ditu horko Babes Ofizialeko Etxebizitzak) aukera emango du eremu osoko urbanizazio-obrak finantzatzeko IRUNVIri eta Irungo Udalari dagokien zatian.
IRUNVIko Administrazio Kontseiluak onetsitako baldintza-agiriak, 6 milioi eurotik gorako hasiera-prezioarekin, salgai edo alokairuan izan daitezkeen etxebizitza babestuak garatzearen alde egiten du. Hala ere, baldintza-agirian lehentasuna ematen zaie alokairuko sustapen bat proposatzen duten enpresa lizitatzaileei.
Partzela besterenduta, IRUNVIk aukera izango du eremu osoko urbanizazio-obrak lizitatzeko. Horien urbanizazio-aurrekontua 20 milioi eurokoa da (gehi BEZa).
IRUNVIk urbanizazio-obra uda baino lehen lehiaketara ateratzeko asmoa du, obrak aurten bertan hasi ahal izateko. Ondoren, eremu osoan aurreikusita dauden babes ofizialeko 900 etxebizitzak eraikiko dira.
Etxebizitza publikoaren eskaintza bikoiztu egingo da hirian
Horrek esan nahi du hirian dagoen babes publikoko etxebizitza-parkea bikoiztu egingo dela, eta hori Irun etxebizitza-merkatuko eremu tentsionatu izendatu izanari esker iritsi da. Izendapena aste hasieran iragarri zen Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailarekin batera.
Azken batean, hiriaren historian martxan jarri den etxebizitza publikoaren operaziorik handiena da, eta bereziki nabarmendu behar da obra berriko 870 etxebizitza babestu eta 96 zuzkidura-bizitoki eraikiko direla datozen hiru urteetan, alokairu babesturako 34 udal-etxebizitza birgaitzeaz gain. Horrek epe laburrean 1.000 etxebizitza eskuragarri sortzea ekarriko du:
- 612 BOE, San Migel-Anakan.
- 63 BOE, Korrokoitzen.
- 60 BOE, Alei eremuan.
- 99 BOE, Lastaola Postetxean.
- 36 BOE, Mendipen.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak dagoeneko adjudikatu du eremu berean egingo dituen alokairuko 420 BOE eraikitzeko proiektuen idazketa.