Irungo Udalaren IRUNVI sozietateak kudeatuko du Next Generation Europako funtsekin finantzatutako etxebizitzak birgaitzeko laguntza-programa berria. Horrela, «leihatila bakar» gisa jardungo du, eta haren ardura izango da laguntzen kudeaketa eta jabekideen erkidegoei, enpresei, norbanakoei eta birgaitzaileei eman beharreko zerbitzuak koordinatu, informatu, izapidetu eta errazteaz.

Horrela, aurreko ostiralean, ekainak 3, IRUNVIko administrazio-kontseiluak baimena eman du Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailarekin hitzarmen bat sinatzeko. Horren bidez, IRUNVIk birgaitzeko bulegoaren eta erakunde kolaboratzailearen funtzioak hartuko ditu bere gain. Baimen horri esker, ahalik eta etekinik handiena aterako zaie eraikin eta etxebizitzen efizientzia energetikoa hobetzeko xedea duten suspertze ekonomikorako Next Generation funtsei. Horrela, IRUNVIk bizitokiak birgaitzeko laguntza-programetan parte hartu ahal izango du, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan (853/2021 Errege Dekretua, urriaren 5ekoa).

IRUNVI udal-sozietateak eta Eusko Jaurlaritzak aurki sinatuko duten hitzarmenaren testuan suspertze-funtsen jatorria eta funtzionaltasuna aipatze dira (COVID-19aren pandemiaren ondoren munduko ekonomiak suspertzen laguntzea da horien xedea), bai eta helburua lortzeko jarduketa-ardatzak. Horien artean daude eraikitako etxeak birgaitu eta hobetzeko jarduketak, hala landa-eremuan nola hirietan, energiaren eta jasangarritasunaren alorrean asmo handiz jardungo dela bermatuta. Xede horrekin, eraikinak birgaitzeko eta etxebizitzen efizientzia energetikoa hobetzeko jarduketetarako zenbait laguntza-programa ezartzen dira, besteak beste.

Birgaitze-bulegoaren funtzioak bere gain hartuta, «Irunerako leihatila bakar» bilakatuko da IRUNVI, eta eraikinak eta etxebizitzak birgaitzeko programen balizko onuraduneko aurkezten dituzten eskabideak bideratuko dituzte. Herritarrei informazioa eta aholkularitza emateaz gainera, IRUNVIk bideratuko ditu eraikinak birgaitzeko jarduketen laguntza-programak, etxebizitzen efizientzia energetikoa hobetzekoak eta birgaitze-proiektua idaztekoak.