Lastaola Postetxea Irun erdialdetik Behobiara sartzeko bidean dago; funtsean, Juan Thalamas Labandibar eta Darío Regoyos kaleen arteko lotunean. Udalbatzak onartutako antolamendu proposamenak auzoa josiko du, eremua inguruko hiri egituran eta paisaian integratuta Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak ezartzen dituen helburuei, antolamendu irizpideei eta parametroei jarraikiz, eta, gainera, bizitegi programa publiko bat jarriko du martxan.

Jarduketa horretarako egin beharreko aurretiazko urratsetako bat zen puntu horretan zeuden gasolindegiak mugitzea, eta 2015ean berretsi egin zen hori, lekualdatze-hitzarmenarekin.

Auzoaren jostura: hiri gehiago

Plan Bereziaren xedapenen arabera, Darío Regoyos kaleko bide publikoa luzatuko da, auzora sartzeko bidearekin (Lastaola Postetxea kalearekin) lotzeko, errepideen jarraitutasuna eta oinezko eta bizikleta bidezkoa bermatzeko irizpideei jarraikiz. Era berean, Juan Thalamas Labandibar kaleko errepidearen (GI-636 errepidearen) trazatua hobetuko da, bertako zirkulazio handiak auzoan duen eragina arintzeko, errepideari kale itxura handiagoa emanda: hain zuzen ere, Plan Bereziak oinezkoak babesteko espaloi bat sortzea planteatzen du, Behobiarekin lotuko dena, eta biribilgune bat eraikitzea, Juan Thalamas Labandibar kalea eta Endarlatsa hiribidea elkartuko dituena eta María Juncal Labandibar, Lastaola Postetxea eta Darío Regoyos kaleek gurutzatuko dutena.

Jarduketa horien bidez, trafikoa baretu nahi da, eta auzoko bi zonak lurrazalean konektatu, oinezkoen eta bizikleten joan-etorri seguruagoaren bidez.

Bizitegi programa publikoa

Plan Bereziak bizitegi programa bat planteatzen du, oso esanguratsua etxebizitza publikoari dagokionez, lurzoruaren % 60 etxebizitza babestuetarako erreserbatzen baitu, zeinak inguruko lau eraikuntza partzelatan antolatuko diren. Era berean, Mendipe osoko berdeguneen % 25 antolatzen du. Bestalde, nabarmentzekoa da auzo elkartearen lokalaren ondoan auzotarrak biltzeko gune berri bat eraikitzeko aukera ematen duela, 2.500 m2-tik gorako plaza bat, urbanizazio proiektuarekin batera zehaztuko dena.

Jarduketak aurreikusten duen etxebizitza publikoaren bolumena kontuan hartuta, IRUNVIk sustatuko du eremuaren garapena.