Ezagutu itzazu zure eskubideak

Errentamendu-kontratu bat sinatu aurretik, garrantzitsua da jakitea errentari gisa zer eskubide eta betebehar dituzun, gerora arazoak saihesteko. Hemen alderdi batzuk birpasatuko ditugu, sustorik ez izateko eta zuen egonaldia seguruago eta erosoago bihurtzeko.

  • Eskatu kontratua idatziz egitea. Epaiketa bat gertatuz gero, beharrezkoa izanez gero, hitzezko kontratuetan hitzartutakoa frogatzeko zailtasunik izan ez dadin. Prebenitu eta pentsatu behar da desadostasunak sortu daitezkeela errentatzailearen eta errentariaren artean.
  • Iruzurrak saihesteko, ziurtatu ezazu etxebizitzaren jabea dela errentatzailea. Errentatzaileari eskatu datu pertsonalak, NANa eta etxebizitzaren jabetza-titulua erakusteko eta emateko, edo, bestela, Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren ordainagiria edo frogagiria; izena agertu behar du. Etxebizitzaren jabea nor den egiazta daiteke, haren katastro-erreferentzia eta datu pertsonalak jasota. Horretarako, ohar sinple bat eska daiteke etxebizitza dagoen hiriko Jabetza Erregistroan. Gertatzen ari da partikularrek beren jabetzakoak ez diren etxebizitzak errentan uztea. Bankuaren jabetzako etxebizitzak izan daitezke, eta etxegabetze-prozesu baten ondorioz enbargatutako etxebizitza bat izan daiteke, edota azpierrentamendu bat, hau da, ustezko jabe batek hirugarren bati errentan uztea berak errentan duen etxebizitza bat, horretarako eskubiderik izan gabe etxebizitzaren benetako jabearekin duen hasierako kontratuaren arabera.
  • Ez sinatu kontratua, aurretik etxebizitza ikusi eta egoera onean dagoela egiaztatu gabe. Egiaztatu ezazu etxebizitzak ez duela kalterik, eta egin argazkiak. Etxebizitza altzariz hornituta alokatzen bada, kontratuan zehaztu ezazu zer ondasun dauden bertan eta zer egoeratan; egin argazkiak, eta, ahal bada, erantsi kontratuari. Kontratuan jasota geratu behar du etxebizitzak daukan edozein kaltek. Horrela, arazoak saihestuko dituzue errentatzailearekin, etxebizitza utzi eta bertan sartzean jarri zenuten fidantza berreskuratzerakoan.
  • Fidantza eskudirutan entregatu behar da, errentamendu-kontratua sinatzen den unean. Fidantzaren helburua da jabeak dirua izatea etxebizitzan gerta daitezkeen kalteei aurre egiteko. Maiz gertatzen den arazo bat da maizterrek errentako azken hilabetea ez ordaintzea kontratuaren unean utzitako fidantzaren kontura, eta etxebizitza egoera onean dagoela egiaztatu gabe uztea, dela argazkien bidez, dela bi aldeen artean sinatutako dokumentu baten bidez. Dokumentu horretan, errentamendu-kontratua amaitzen den data jasotzen da, eta, halaber, giltzak entregatu direla eta jabeak etxebizitza kalterik gabe entregatzen dela egiaztatu duela. Hori egin ezean, gerora arazorik sortzen bada, zaila da frogatzea etxebizitza egoera onean entregatu dela.

    Gogoratu etxebizitzaren alorrean eskumena duen lurralde-ordezkaritzan gordailutu behar dela fidantza. 42/2016 Dekretua, martxoaren 15ekoa.
  • Errentariak nahitaez urtebete bete behar duela dioen klausula erabat deuseza da. Errentariak, gutxienez, 6 hilabete bete behar ditu nahitaez. Epe hori igaro ondoren, edozein errentarik utz dezake etxebizitza; jabeari hilabete lehenago jakinarazi behar dio, besterik ez. 5 urtetik beherako errentamendua hitzartzen bada, kontratua automatikoki luzatuko da hitzartutako iraupena amaitutakoan (urtebetera izan daiteke), 5 urteko epea bete arte.
  • Jakinaraz ezazu idatziz etxebizitza noiz utzi behar duzun eta giltzak noiz entregatuko dituzun. Maiz gertatzen den arazo bat da errentariak telefonoz jakinarazten duela etxebizitza noiz utzi behar duen, eta, gero, arazorik sortzen bada, datu hori ezin du frogatu epaiketa batean. Idatziz abisatu behar da: posta elektronikoaren bidez edo burofaxez, hartu-agiriarekin, edo jabeak ere sinatu beharko duen gutun baten bidez. Horrela, saihestu egingo dugu gerora erreklamaziorik egin diezaguten. Watshapp bat bidaltzea ez da modurik onena etxebizitza bat uzten dela esateko, mezuak manipulatu eta elkarrizketa faltsuak sor baitaitezke. Hala ere, epaitegiak onartzen hasi dira horrela egitea.
  • Sinatu ezazue bi aldeen artean giltzak entregatzeko dokumentu bat, adieraziz etxebizitza ondo zainduta eta erabiltzeko egoera ezin hobean dagoela. Arazo handienak etxebizitzak dituen kalteen gainean gertatzen dira. Horregatik, dokumentu bat sinatzen bada idatziz adierazten duen etxebizitza ondo zainduta eta erabiltzeko egoera ezin hobean entregatzen dela, arazoak ekidin daitezke gerora.

 

Aplikatu beharreko araudia: 29/1994 Legea, azaroaren 24koa, Hiri Errentamenduei buruzkoa.